NOLA LANDU INKLUSIOA GORPUTZ HEZKUNTZAN
ESKOLA INKLUSIBOA.
NOLA LANDU INKLUSIOA GORPUTZ HEZKUNTZAN
1990. urtetik aurrera, LOGSE legearekin, eskoletan integrazioa terminoa erabiltzen hasi zen. Hori baino lehen, bestelakotasuna zuten neska-mutilak beste eskola berezi batzuetan zeuden. Bazterketa hori ekiditeko, halako ikasleak apurka-apurka eskola arruntetan “integratzen” hasi ziren, HPB zituztela esanda. Baina integrazio hitzak esan nahi du bestea –ikaslea– eskolaren beharretara egokitu behar dela; eskolaren dinamikan sartu behar dela esan nahi du. Kanpoan edo baztertuta egon dena besteen modukoa izatera edo besteen moduan egitera behartzen da. Integrazioan asimilazio-prozesu bat gertatzen da: ikasleari programan parte hartzen laguntzen zaio, baina eskolak inolako aldaketarik egin gabe.
Orain dela urte gutxi, aldiz, inklusioa terminoa erabiltzen hasi gara, bai eskoletan eta bai gizartean ere. Baina zer esan nahi du inklusioak? Nahiz eta desberdinak izan, elkarrekin parte hartzen dugu denok (bai gizartean eta bai eskolan), bakoitzaren ezaugarriek eta berezitasunek elkar aberasten gaituztelako. Inklusioan, eskola da aldatu behar duena –ez ikaslea–, dibertsitatea aintzat hartuz eta onartuz (ez asimilatuz). “Inklusioak eraldaketa-prozesu bat adierazten du. Eskolak ikasleen dibertsitateari erantzun bat ematen dio.” (Ainscow, 2001).
Eskola Inklusiboa
Nahiz eta inklusioa aurre egiteko ataza erraza ez izan –Gizarteak eta Eskolak oraindik ere bizi-bizi duten erronka da eta–, irakasleek esku hartzeaz gain, beharrezkoa da gai honetan Eskolak berak –instituzio gisa– neurriak hartzea curriculumari eta antolamenduari begira. Horrela, Gorputz Hezkuntzak beste irakasgaiekin batera lan egingo luke inklusioa bermatzeko.
Gorputz Hezkuntza inklusiboan, ikasleek espazio bera partekatzen dute, desberdintasunik egin gabe; eta horrek irakaskuntza eta berorren antolaketa etengabe birplanteatzera behartzen gaitu. Izan ere, behar besteko laguntza pedagogikoa eta soziala izan behar dugu, ikasle guztiek ikasteko aukera zabala izan dezaten. Hala bada, bereizitako jarduerak ez ditugu inklusibotzat hartuko. Hain zuzen ere, inklusioak esan nahi du ikaskuntza-prozesua taldearekin partekatzen dela beti, dibertsitateak taldea kohesionatu eta aberastu egiten duela eta ikasle guztiek ere ikasteko aukera zabalagoa dutela. (Ríos, 2004)
Hona hemen Gorputz Hezkuntzan bestelakotasuna duten ikasleek errazago parte hartzeko zenbait estrategia:
a) Jarreretan eta balioetan oinarritutako hezkuntza eman.
b) Ikaskuntza kooperatiboa eta jarduera kooperatiboak landu.
c) Maila anitzeko irakaskuntza eskaini.
d) Atazak egokitu.
e) Norgehiagoketan dauden mugak konpentsatu.
f) Kirol egokitua egin bestelakotasuna duten ikasleekin batera.
g) Aholkularitza eta laguntza eman.
Merche Ríos (2009). La inclusión en el área de Educación Física en España. Análisis de las barreras para la participación y aprendizaje.
- Inklusioa Gorputz Hezkuntzan
lantzeko zenbait estrategia
- Nori eskatu aholkularitza?
Ezinbestekoa da irakasleok eragile guztiekin harremanetan jartzea gure lana hobea izan dadin eta Gorputz Hezkuntzako saioak inklusiboak izan daitezen. Eta, bestalde, Eskolak neurri zehatzak hartu behar ditu ikasle guztiei behar bezala arreta egiteko: antolakuntzari eta curriculumari dagozkion neurriak batez ere.
Informazio gehiagorako, ikus Hezkuntzako laguntza-zerbitzuak:
http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus/r43-2519/eu/