top of page
Nola Landu inklusioa Gorputz Hezkuntzan

 

 

Sarrera

Gaur egun, jarduera fisikoa lantzeko hainbat argitalpen daude Gorputz Hezkuntzan, bai Lehen Hezkuntzan, bai Bigarren Hezkuntzan. Baina ikasle guztiak ez dira berdinak. Izan ere, batzuek erritmo geldoagoan ikasten dute eta beste batzuek trebetasun handiagoak dituzte. Horrez gain, batzuetan, izan ohi dira ikasleak “bestelakotasun” (desGAITASUN) jakin batzuk dituztenak; hala nola gurpil-aulkia darabiltenak, itsuak edota irakasleon azalpenak ulertzeko zailtasunak dituztenak.

 

Nola hurbilarazi ikasle horiek besteekin batera jarduera fisikoa egin dezaten? Zer da inklusioa? Zer egin, adibidez, ikasle batek bestelakotasun fisikoren bat duenean? Baztertu? Lan teoriko bat egiteko esan, orain dela gutxi arte egin izan den bezala? Ala parte-hartzaile bihurtu, besteak bezala, protagonista izan dadin eta besteekin batera jarduera fisikoa egin dezan?

 

Askotan, beldurtu egiten gara, edo ikasleak ez ditugulako ezagutzen, edo ez dugulako horrelako ikasleekin sekula lan egin, eta uste izaten dugu ezin dutela ezer egin. Baina denok gara gai jarduera fisikoa egiteko; jarduera, arauak eta materiala egokitu baino ez dugu egin behar, ikasle guztiek “era berdinean” lan egin dezaten.

 

Lan honetan ez dira bestelakotasun motak azalduko (gaixotasunak, mugak…), besteak beste, neska-mutil bakoitza berezia delako –desberdina eta berdina, aldi berean– edota bestelakotasun mota bat daukatenen artean ere desberdintasun handiak daudelako. Gainera, ikasleak zer daukan esateko, profesionalak daude; eta kasu bakoitza aztertu ondoren, irakasleok erabakiko dugu zer eta nola landu gure irakasgaian. Dena dela, zergatiak baino gehiago ondorioak interesatzen zaizkigu: jarduera fisikoa egiteak dakartzan ondorio onak nahiz kontraindikazioak… Inondik ere, ikaskideekin batera aritzeak –pixka bat bederen– sekulako mesedea egingo dio bestelakotasuna duenari, eta taldeari ere bai.

 

Lan honen helburua da lehen aldiz halako ikasleekin lan egiten duten irakasleentzako orientabide bat izatea, abiapuntu bat izatea; hau da, baliabide batzuk ematea Gorputz Hezkuntzako saioetan erabiltzeko. Bestelakotasuna duen ikaslea, gainerako ikasleak eta taldea ezagututa, irakasle bakoitzak erabakiko du zer aldaketa egin, taldekide guztiek esklusiorik gabe parte har eta ikas dezaten.

                                                                                                                                                                                                                                                                                           Estitxu Ibarrondo Arakistain

                                                                                 Irale-Dolaretxe. R400. 2016-2017                                                                                                                                                                                                                                                  

 

bottom of page